Bienvenida-destacado
Ongi etorri

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren webgune korporatibora. Honetan erakundearen inguruko informazio guztia dago. Hedabide berrien alde argi egin duenez, Museoak erabaki du webgune honetan argitaratzea ekimenen filosofiari, helburu estrategikoei eta gizarte-ekintzei dagokien guztia.


//Giza Baliabideak
DSC5760

Museoak duen arrakasta erakundea osatzen duten arlo desberdinetan lan egiten duten pertsona profesionalen ahaleginari zor zaio neurri handi batean. Giza baliabideen kudeaketari dagokionez, jarduera-eremu hauek nabarmendu behar dira:

Pertsonen garapena

Guggenheim Bilbao Museoak pertsonen garapen politikari heldu izan dio beti, bai lanpostuetan zeregina ahalik eta ondoen betetzeko aukera ematen duen etengabeko prestakuntzaren bidez, bai profil pertsonal nahiz profesionalarekin bat datorren garapenari begira, ondoren promozionatzea ahalbidetuko duen ezagutza berrien bidez.

Ildo horri jarraiki, prestakuntza ekintzak banan-banan identifikatzen dira, langile bakoitzak bere lanean izan duen ibilbidearen garapena kontuan hartuta.

Era berean, Museoaren taldea osatzen duten pertsonen hazkunde profesionalari begira, haien balioaniztasuna areagotuko dituzten tresnak hobetu ditugu; hala, alor profesionalean nahiz pertsonalean hobeak izaten eta poziago sentitzen laguntzen dute.

Irizpide horren harira, Museoak erakundea osatzen duten pertsonen promozio politika mantendu du urteotan zehar. Hala, aldi baterako edo behin betiko betetzeko lanpostuak, ahal den neurrian, Museoko langileek betetzea da xedea.

Bestalde, behin-behineko bestelako behar batzuk aurreikustea helburu, zenbait hautaketa prozesu jarri dira abian unean uneko premiak betetzeko lan poltsa bat sortzeko.

Bateragarritasuna eta efr

Guggenheim Bilbao Museoaren giza baliabideen kudeaketa politiketako bat lan produktibitatea langileen asebetetasunarekin bat egitea da. Horren harira, pertsonen bizitza pertsonala eta profesionala bateragarri izaten laguntzea da Museoaren giza baliabideen funtsezko alderdietako bat.

Hala, 2010eko uztailean Museoak efr (ziurtagiria) lortu zuen (“familiarekiko arduratsu den enpresa”), eremu horretan duen konpromisoagatik, metodologiagatik eta kudeaketa sistemagatik.

Funtsezko helburua, berriz ere, hauxe da: pertsonek ahalik eta gogo-asetasun maila handiena sentitzea erantzukizun profesionala eta bizitza pertsonala egokituz, uneoro Museoak eskaini behar duen zerbitzua bermatzen dela.

Aldi berean, Museoak eremu horretan lanean dihardu eta hausnarketa prozesu batean murgildu da Optima taldearen bitartez. Taldea 1999an sortu zen eta lanbide, familia, genero eta egoera zibil desberdinen ordezkari diren pertsonek osatzen dute. Taldeak helburuak berraztertu ditu ikuspegi zabalago bat hartzeko, haren asmoa baita generoa zeinahi izanda ere, bateragarritasuna Museoaren jarduna osatzeko aukera metodologiko gisa eskaintzea.

Testuinguru horretan, eta Zuzendaritzaren babes zuzenarekin, azterlan bat egin da eta hauxe izan da ondorioa: Museoaren sexu/genero sistema zuzena, bidezkoa eta solidarioa dela, eta berdintasunari eta bateragarritasunari dagokienez lanean jarraitzeko helburu eta ahalbide berriak antzeman direla.

Horren harira, hasi gara Museoko gizonezko langileei lan-jardunak haien seme-alabak zaintzeko murrizten. Kasu gutxi batzuk badira ere, kualitatiboki eskaera adierazgarriak dira, familiaren zaintzaren baterako erantzukizunaren inguruan Museoko langileen kontzientziazio eta konpromiso mailak agerian uzten dituztelako.

Konpromiso horri jarraiki, aurrera egin dugu berdintasun egoeraren diagnostiko bat egiteko; izan ere, Berdintasun Plan bat egin dugu, Museoaren konpromisoa agerian utziko uzteko eta indartzeko.

Mota horretako politiken eremuan bultzatzaile izatea garrantzitsua dela jabetzen gara. Horrexegatik jardunaldi, mintegi eta topaketetan parte hartu du Museoak, eta era guztietako enpresa eta erakundeekin bilerak izan ditu arlo horretan dituzten esperientziak partekatzeko eta, horrela, gizartearen berritze prozesuan laguntzeko.

Lan arriskuen prebentzioa

Guggenheim Bilbao Museoaren beste helburu nagusietako bat da bertan lan egiten duten pertsonen segurtasuna eta osasuna.

Horretarako, erakundeak gai horren inguruan lan egiten jarraitzen du Lan Arriskuen Prebentziorako Kudeaketa Integratuaren Sisteman jasotako metodologiaren bitartez; era horretan laneko ezbeharrei aurrea hartzen eta gutxitzen saiatzen gara, arrisku egoerak eta horien sorburuak atzematen ditugu eta neurri egokiak hartzen ditugu lan ingurunea gero eta seguruagoa izateko.