Bienvenida-destacado
Ongi etorri

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren webgune korporatibora. Honetan erakundearen inguruko informazio guztia dago. Hedabide berrien alde argi egin duenez, Museoak erabaki du webgune honetan argitaratzea ekimenen filosofiari, helburu estrategikoei eta gizarte-ekintzei dagokien guztia.


//Ekimen Estrategikoak
Iniciativas Estratégicas 2020

2018-2020 aldiko Ekimen Estrategikoei dagokienez, haietako batzuk azken 10 urteotan zehaztu diren beste batzuen garapena eta bilakaera dira, ekintza horien irekitasunak, berritasunak eta indarrak 2020ra luzatzeko aukera ematen baitu. Hala ere, testuinguruaren behar berrietara egokitu dira, eta Museoaren jarduerak eta nortasunak duten bilakaerak eskatzen dituen gehikuntzak eta hobekuntzak egin zaizkie. Ekintza horiez gain, beste batzuk gehitu dira, 2009an zehaztu zen epe ertaineko Asmoan barneratuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren ereduak oinarritzat dituen ildoei lotuak.

1. 2018-2020 aldiko programazio artistikoaren argudio-ildoa aurkeztea

Museoak museo gisa duen nortasuna indartu nahi zuenez, bere Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumari ikusgaitasun handiagoa eman nahi zionez, eta sektorearen joerak ere hartu nahi zituenez (bai bisitariei zegokienez, bai erakusketa-proiektuei zegokienez), 2015ean aldi berri bat hasi zen programazio artistikoan. Urte hartatik aurrera, Museoak egonkorragoa egin zuen programazioa, ez bakarrik erakusketa-eremuei zegokienez, baizik eta baita solairuetako bakoitzean dauden erakusketa eta bildumen tipologiari zegokienez ere. Egun, solairu horiek, goitik behera, arte moderno eta garaikidearen ikuspegi kronologiko bat eskaintzen dute, XX. mendearen hasierako adierazpenetatik hasi eta gaur egun arte.

Programazioaren ikuspegi berri horretan sakontzen jarraitzea proposatzen da, eta argudio-ildoaren haria eta ikuspegi holistikoa eskainiko dituen diskurtso artistiko gisa adieraztea.

2. Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma garatzeko konpromisoa berritzea

Sortu zenetik, Guggenheim Bilbao Museoak 134 artelan garrantzitsuko bilduma osatu du. XX. mendearen erdialdetik gaur arterainoko artelanak biltzen ditu; askotarikoak dira, baina koherenteak. Zenbait pieza garaikidetasunaren ikonoak dira, eta Museoa sortu zenean arreta handiz garatutako erosketa-metodologiaren arrakastaren lekuko. Sortu zenean, Bildumaren helburu nagusia zen arte garaikideko artelan ugari biltzea, autonomiari eta esanahi propioari eutsiz, baina, aldi berean, Solomon R. Guggenheim Foundation fundazioaren arte moderno eta garaikideko arte-funts aparta osatuz. Sare berean banako bildumak egotea «museo globalaren» kontzeptu berritzailearen ardatza da; kultura-trukea ahalbidetzen du, eta artea zabaltzea eta artelanak jende askorengana eta askotarikoarengana helaraztea sustatzen du.

Nahiz eta azken urteotako egoera ekonomikoaren ondorioz ezin izan den finantza-zuzkidurarik egin artelanak erosi ahal izateko, inbertsio-plana berrartzea proposatzen da ekimen estrategiko gisa, ekarpenak pixkanaka egiteko programa batekin.

3. Museoaren handitze etenarekiko hurbilketa berritzea

2009an, Guggenheim Bilbao Museoaren handitze etenaren ekimen estrategikoa asmo handiko proiektu gisa proposatu zen. Haren bidez, erakusketa-espazioa handitu nahi zen, ingurune ez-hiritar batean (Bilboko Museoan ez bezala) artea, natura eta paisaiaren edertasuna konbinatzen zituen aparteko museo-esperientziaren kontzeptu berritzailearen bidez. Proiektu hari esker, Museoaren lidergo orokorra eta lokala indartu nahi zen, bai eta artista garaikide ospetsuenetako batzuekin sortutako harremanak sendotu.

Ekimen hau abian jarri zenetik ia hamar urte igaro ondoren, uste da handitze eteneko proiektuaren elementu bereizgarriek oraindik ere balioa ematen lioketela Guggenheim Bilbao Museoari, eta, hala, ekimenarekiko konpromisoa berritzea proposatzen da, baina hurbilketa berri batetik, gaur egungo errealitatera egokituta.

4. Hezkuntza-programazioa sendotzea, bereziki komunitateari eta balio sozialei erreparatuta

Gaur egun, oso ohikoa da museoak tokiko komunitatera hurbiltzea, museoak topagune gisa eta ezagutza sortzeko leku gisa duen eginkizuna indartzen duelako eta, horrela, ingurune hurbilenarekiko elkarrizketan jarduteko eremu bat eskaintzen duelako. Jarduera artistikoa eta hezkuntzakoa ez da soilik sozializatzeko entretenimendu-tresna hutsa, baizik eta ezagutza sortzeko benetan erabilgarria den tresna. Hala, 2018tik 2020ra, hezkuntza-programazioa mantentzea eta sendotzea proposatzen da, baita hezkuntzako jarduera eta formatu berrietan sakontzea ere, bereziki komunitateari eta balio eta premia sozialei erreparatuz. Horrek indartu egingo du Museoak gizarte-aldaketen eragile gisa duen eginkizuna, hezkuntza-eragile ugariren partaidetza duten prozesu pedagogiko eraldatzaileen bidez, eta Guggenheim Bilbao Museoaren eta komunitatearen arteko harremana ahalbidetu, epe luzeko elkarrenganako konpromiso sozialeko erantzukizunean oinarrituta.

5. Zero Espazioaren orientazioa, zeregina eta edukia berraztertzea

2009–2012 aldian, Zero Espazioa, Guggenheim Bilbao Museoko bisitarientzako orientazio-gela, kontzeptualizatu, diseinatu eta martxan jarri zen. 2010ean inauguratu zenetik, aretoa Museoan barrenako bisitaren abiapuntua da, eta bisitariei zenbait gako eskaintzeko lekua, haien bisita esperientzia gogoangarria izan dadin ikuspegi oso teknologikotik.

Zabaldu zenetik ia hamar urte igaro direnez, bisitak planifikatu egiten direnez eta material ugari gailu digital pertsonalen bidez eskuragarri daudenez, Museoak egokitzat jo du Zero Espazioaren planteamendua eguneratzea, ahalik eta probetxu handiena atera dakion.

6. Ekarpenak arrazionalizatzea, urte anitzeko formula egonkor baten bidez

Guggenheim Bilbao Museoaren kudeaketa-ereduak hauek konbinatzen ditu: erakunde publiko sortzaileek emandako baliabide ekonomikoak, eta bere jarduera kudeatuz Museoak urtero jasotzen duen autofinantziazioa (hain zuzen ere, bisitariek egindako diru-sarrerak, eta banako kideek eta kide korporatiboek egindako ekarpenak). Hortaz, urteko baliabideen % 70, gutxi gorabehera, autofinantziaziotik dator.

2018-2020 aldi estrategikorako, erreferentzia gisa museo anglosaxoien eredu ekonomikoa hartuko duen formula bat aztertzea proposatzen da, erantzukizunak, helburuak eta lehentasunak identifikatzea sustatuko duena, epe ertainera iraunkortasun ekonomikoa bermatu ahal izateko.

7. Inbertsio teknologikoen plan bat ezartzea

Jarduera-esparru horretan, zenbait lan-ildo aipatu behar dira. Batetik, osagai teknologikoak dituzten Bildumako artelanak kontserbatzeko plan bat dago; Museoaren 20. urteurrenaren harira jarri zen martxan, eta 2018–2020 aldi estrategikoan ere jarraituko du indarrean. Bestetik, bikaintasunarekin, kalitatearekin eta ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunarekiko hartutako konpromisoa betez, Museoak berritze-plan bat proposatu du. Haren bidez, bertako zerbitzu, azpiegitura eta eragiketen funtsezko alderdiak espazio publiko gisa eta kontserbazio artistikoko espazio gisa ikusten dira. Eragin handiko proiektuen artean, teknologia berrienak ezartzearena dago, artelanak argiztatzeko, segurtasun-sistemak hobetzeko, eta beste sistema eta plataforma batzuk eguneratzeko, berrikuntza- eta iraunkortasun-irizpideetan oinarrituta, Museoak liderra eta berritzailea izaten jarrai dezan arlo horietan.

8. Estrategia digitala planifikatzea

Azken urteotan, lidergo artistiko, instituzional eta erakusketetakoari lidergo digitala gehitu zaio. Gero eta garrantzitsuagoa da arlo digitalean ondo kokatuta egotea gizarte osoarekin eta audientzia eta komunitate hurbilenarekin harremanetan jarri ahal izateko.

Nahiz eta azken urteotan museoek loturarik gabeko eduki eta ekimen isolatuak garatu dituzten teknologiaren aurrerapen bizkorrei erantzuteko, estrategia digital instituzional bat izateak desberdintzen ditu sektore honetan lider diren museoak. Hori dela eta, aldi honetan, Guggenheim Bilbao Museoak beste ekimen bat jarri du martxan bere estrategia eta identitate digitala planifikatzeko, arlo honetan puntakoak diren museoen artean koka dadin.

9. pricing strategy politikak audientzia berrien testuingurura egokitzea

Ekonomia digitalaren ildoei jarraikiz, zenbait museo amerikar «prezio dinamikoak» edo «eskariaren araberako prezioak» ezartzen hasi dira, diru-sarrera gehigarriak sortzen laguntzeko neurri gisa.

2018-2020 aldiko Plan Estrategikoan, Guggenheim Bilbao Museoak, bisitarien datu historikoei eta portaera-ereduei buruz duen informazio xehatua kontuan hartuta, tarifikazio-sisteman sarreren, harpidetzen eta talde-kategorien prezioak ezartzeko estrategia berri bat sartzerik dagoen aztertuko du, bisitariaren esperientzia hobetzeko, gizartearekiko harremana indartzeko eta Museoaren diru-sarreren egitura sendotzeko.

10. Gardentasunean eta kudeaketa-eredu aurreratuetan bidea egitea

Eguneroko lanean, Museoaren lehentasunetako bat gardentasunarekin hartutako konpromiso aktiboa da. Horrela, Compromiso y Transparencia Fundazioak Estatuko museorik gardenena dela adierazi du 2015eko, 2016ko eta 2017ko kontu-ikuskapenetan.

Era berean, hasiera-hasieratik, erakundearen ohiko funtzionamenduan lan ona bermatzen duten parametro eta eredu aurreratuen araberako kudeaketa izan da ildo nagusia. Ildo horretan oinarrituta egin du lan Museoak hainbat arlotan; besteak beste, ingurumena, iraunkortasuna, gizarteratzea, lan arrazionala, gizarte-erantzukizuna, lan-bizitza eta familia uztartzea, eta aniztasunarekiko errespetua.

2018–2020 aldiko Plan Estrategikoa indarrean dagoen bitartean, helburua izango da jardunbide egoki horiek sendotzea eta haietan sakontzea, Musoaren jarduerentzat ingurumeneko araudi berriaren araberako eta museoetarako proiektuan dagoen araudiaren araberako ziurtagiriak lortuz; era berean, gardentasunaren bidetik ere aurrera egin nahi da.