Bienvenida-destacado
Ongi etorri

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren webgune korporatibora. Honetan erakundearen inguruko informazio guztia dago. Hedabide berrien alde argi egin duenez, Museoak erabaki du webgune honetan argitaratzea ekimenen filosofiari, helburu estrategikoei eta gizarte-ekintzei dagokien guztia.


//Guggenheim sarea
redgu

Guggenheim Museoa New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum, Veneziako Peggy Guggenheim Collection, Guggenheim Bilbao Museoa, eta egun proiektuan dagoen Guggenheim Abu Dhabi Museoa— nazioarteko museoen sare baten barne daude. Horren sinergiez onura har dezakete, baita baliabideak, proiektuak eta bildumak partekatu ere.

Solomon R. Guggenheim Foundation

Solomon R. Guggenheim Foundation-a 1937an sortu zen. Erakunde horrek helburu du artea, arkitektura eta kultura bisual moderno eta garaikidearen bestelako adierazpideak ulertzea eta baloratzea. Era berean, gure garaiko artea biltzen, zaintzen eta aztertzen du. Egun, gainera, Fundazioak erronka berriak bereganatu ditu haren zereginean.

Solomon R. Guggenheim Foundation-ek erakusketa paregabeen, hezkuntza-jardueren, ikerketa-programen eta argitalpenen bidez hezurmamitzen du bere zeregina, eta gero eta anitzagoa den nazioarteko publikoa erakartzen eta hezten saiatzen da, museo eta kultur erakunde sare esklusibo baten bitartez.

Egun, Solomon R. Guggenheim Foundation-a bi museoren jabe da eta horien kudeaketaz arduratzen da: Solomon R. Guggenheim Museum, New Yorkeko Bosgarren Hiribidean dagoena; eta Peggy Guggenheim Collection, Veneziako (Italia) Kanal Handian dagoena. Horrez gain, programazioarekin eta baliabideekin laguntzen die Guggenheim Bilbao Museoari.

Solomon R. Guggenheim Museum

Solomon R. Guggenheim Museum-a 1937an jaio zen, hain zuzen, Solomon R. Guggenheim-ek museo bat egiteko fundazio bat sortu zuenean. Asmo zuen eraikin horretan haren arte modernoko bilduma gordetzea eta publikoari erakusgai jartzea. Egun XX. mendeko eraikin ezagunenetakoa da Frank Lloyd Wright-ek museoa izateko diseinatu zuena.

New Yorkeko Guggenheim museoak lanean dihardu nazioarteko erakundeen eta harremanen sare baten bitartez, handitzen doan Bilduma Iraunkor baten bitartez eta hori aurkezteko erakusketa erakargarriak eta hezkuntza programak antolatuz.

Guggenheim museo horren bilduma iraunkorra erakundearen ibilbidearen isla da, izan ere, XX. eta XXI. mendeetako artearen garapena ikusi eta sustatu du. Haren historia, funtsean, bildumagile pribatu batzuen historia da, hain zuzen, erakundearen jite bertsua zuten pertsonena. Hasierako funts horiek bildu eta zabaldu egin dira Fundazioaren zuzendari, arte arduradun eta babesleen gidaritza pean egindako eskuratzeei esker.

Hala egituratu da artearen bilakaera joria, XIX. mendetik egun arte, islatzen duen bilduma bikain bat, mundu mailakoa eta partekatua dena.

Peggy Guggenheim Collection

Peggy Guggenheim Collection bilduma osatzen duen XX. mendearen lehen erdialdeko Europako eta AEBko arteak Italiako museo garrantzitsuenen artean kokatzen du.

Peggy Guggenheim-en etxebizitza izan zen eraikinean dago, hain zuzen, Veneziako Kanal Handiko Palazzo Venier dei Leoni-n. 1980an inauguratu zen museoa eta Peggy Guggenheim-en bilduma pribatua —1976an Peggyren funtsak Solomon R. Guggenheim Foundation-era pasa ziren—, baita Gianni Mattioli Collection bildumaren maisulanak eta Nasher eskulturen lorategia ere daude ikusgai. Hori borobiltzen du aldi baterako erakusketen egitarau bikain batek.

Peggy Guggenheim Collection-a osatzen dute Kubismoaren, Futurismoaren, Pintura metafisikoaren, Abstrakzioaren, Surrealismoaren eta Espresionismo abstraktuaren maisulanek, hain zuzen, artista moderno bikainen lanek: Brancusi, Braque, Calder, Dalí, De Chirico, Duchamp, Ernst, Giacometti, Kandinsky, Klee, Léger, Magritte, Miró, Mondrian, Picabia, Picasso, Pollock eta Severini.

Guggenheim Abu Dhabi Museum

Guggenheim museo berria, Guggenheim Abu Dhabi Museoa, Arabiar Emirerri Batuetako hiriburu Abu Dhabin kokatuko da, zehazki, Saadiyat uhartean, Saadiyat Kulturagunean.

Nazioartean ospe handia duen Frank Gehry arkitektoak diseinatu du museoa: 40.000 m2 baino gehiago izango ditu eta arte moderno eta garaikideko bere bilduma barne hartuko du, Guggenheim Foundation-en bilduma zabaleko obrak izango dituzten erakusketa bereziak eskaintzeaz gainera.

Museo honek, munduko Guggenheim museo handienak, Ekialde Ertaineko arte garaikideari arreta berezia eskainiko dio, mundu osoko artea jarriko du ikusgai, erakusketak antolatuko ditu eta hezkuntza-programak aurrera eramango ditu. Guggenheim Abu Dhabi Museoa nazioarteko beste kultur erakunde garrantzitsu batzuekin elkartuko da mundu osoko bisitarientzat aurrekaririk gabeko eta bizitasun handiko kultur helmuga bat eratzeko.