Bienvenida-destacado
Ongi etorri

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren webgune korporatibora. Honetan erakundearen inguruko informazio guztia dago. Hedabide berrien alde argi egin duenez, Museoak erabaki du webgune honetan argitaratzea ekimenen filosofiari, helburu estrategikoei eta gizarte-ekintzei dagokien guztia.


//Zeregina, Asmoa, Balioak
misionvision

Zereginak Museoaren zerizana aditzera ematen du, eta helburuak lortzeko eginbeharrak zehazten ditu; bestela esateko, “zer” egin behar den, “nola” eta “zertarako”, jasotzen du. Asmoak, berriz, erakundeak etorkizunean non egon nahi duen adierazten du, alegia, haren gogoak. Balioak Museoaren filosofiaren oinarriak dira eta, jarduna zuzentzen dute, edozein dela egoera edo garaia; ideia, ekimen eta xede guztiak funtsezko eta betiko balio hauek taxutzen dituzte.

Zeregina

Arte modernoa eta garaikidea bildu, zaindu eta ikertzea, eta Artearen Historiaren testuinguruan ikuspegi desberdinetatik eta publiko zabal eta anitzarentzat ikusgai jartzea, Guggenheim Museoen Sarearen funtsezko osagai eta Euskal Herriaren bizitasunaren sinbolo den aldetik arkitekturaren obra enblematikoaren esparruan artea eta adierazten dituen baloreak ezagutarazten eta arteaz gozatzen lagunduz.

Asmoa 2020

Honela aurkezten da Museoak 2018-2020 aldian egingo dituen jardueren inguruko asmoa:

Guggenheim Bilbao Museoa Europan aitzindari izango da berrikuntzan eta bisitaria ardatz nagusi duen museo-esperientzia eskaintzen; halaber, berrikuntzaren aitzindari ere izango da. Solomon R. Guggenheim Foundation-en zeregin aktiboagoa izango du, bai proiektuen garapenean bai museoen kudeaketaren trebakuntza berezian, Guggenheim Sarearen onerako eta EAEko ekonomia sortzailearen mesederako.

Balioak

Aurreko Plan estrategikoetan ezarritakoaren ildo beretik, Museoak bere filosofiaren ezaugarri diren Balio batzuk ditu, hots, haren Zereginari aurre egiteko espiritu bat, haren jarduna zuzendu behar dutenak.

Artearekiko sentsibilitatea eta errespetua

Sentsibilitate artistikoa oinarri hartuta lan egiten dugu, eta artelanarekiko errespetua nagusitzen da aurrera eramaten ditugun ekintzetan

Gure jarduna garatzean, zeharo jabetzen gara gure lanaren xedea den objektuak dagokion materialtasun soiletik harantz doan balioa duela; objektu hori zaintzea garrantzizkoa bada, ezinbestekoa da giza egoeraren adierazpen gisa baloratzea merezi duen arreta jaso dezan. Izan ere, premisa horretatik abiatuta garatzen ditugu jarduera guztiak eta, enpresa-irizpideak kudeaketarako planetan aplikatzen badira ere, ez dugu inoiz ahazten eskuartean darabilguna gizadiaren ondarea dela eta eskakizun batzuk inposatzen dituen balio immateriala duela.

Komunitate artistikoarekin integratzea

Euskal Herriko jarduera artistikoari eta kulturalari aberasten laguntzen diegu bertako Erakundeen estrategia kulturalen testuinguruan

Museoak ez du inguruan garatzen diren jarduera artistiko guztien gune nagusi izan nahi. Aldiz, dinamizazioaren eragile bat gehiago izan nahi du, baita beste kultur erakunde batzuei eta artista, galeria jabe, proiektu eta ekimen handiei harrera egingo dien elkargune ere, gertuen dugun komunitate artistikoaren aniztasunari eta jarduerari ahalik eta ekarpenik handiena egin nahian ahaleginak elkartuz.

Kalitatearekiko konpromisoa

Museoaren arrakasta bere kudeaketaren bikaintasunari lotuta agertzen da; horrek kalitatez lan egitera behartzen gaitu

Sortu zenetik, Guggenheim Bilbao Museoaren nahi handietako bat bere jardunaren etengabeko hobekuntzan sakontzea izan da; hobekuntza-prozesu horretan, Museoak EFQM kalitate-eredua ezarri du.

Bezeroarenganako orientazioa

Asebete sentitzen diren bezeroak dira gure etorkizunaren berme bakarra. Haien aniztasuna kontuan izatea eta gure lana haiek aseta uztera bideratzea da gure lehentasun nagusia

Gure bezeroak era askotakoak dira, eta aldakor agertzen direnez beren premiak ere aldatu egiten dira. Haien itxaropenak identifikatzea eta betetzea, eta haien eskakizunei aurrea hartzea dira bezeroengan asetze-maila handia lortzeko aukerarik onena. Aseta sentitzen den bezeroa inbertsio segurua baita.

Orientazio didaktikoa

Gure konpromiso nagusia publikoari kulturara eta bereziki arte modernora eta garaikidera hurbiltzen laguntzea da

Guggenheim Bilbao Museoaren erakusketa bakoitzak lan pedagogikoa gainbegiratzea eskatzen du. Museoak argi dauka hezkuntza-erakunde izateko bokazioa duela; horregatik, proiektu bakoitzean hezkuntza-esperientzia informala, diziplina artekoa eta ahalik eta interaktiboena berekin dakarten teknikak, materialak eta giroak eztabaidatu behar izaten dira, museoek eskaintzen duten heziketa zurruntasun akademikotik urruntzen baita informazioa aukera humanistikoak zabaltzeko moduan transmititzeko, norbere burua aberastea izanik horren guztiaren emaitza.

Orientazio ekonomikoa

Baliabideak ahalik eta modurik egokienean kudeatu ahal izateko lan egiten dugu, Museoaren autofinantzaketa-maila ahalik eta handiena izan dadin

Gure kudeaketa-ereduak autonomia handia eskaintzen dio Museoari. Izan ere, duen malgutasuna eta erreakzio-ahalmen handia dira autonomia horren erakusgarri. Hala ere, diru laguntza publikoen menpe ez egoteko eta norbere baliabideak sortzeko eraginkortasun handia behar izaten da, gure jardunetik ez ezik gure erkidegoko gizartearen eta enpresen laguntzatik ere bai, baita, zentzu zabalean hartuta, bezeroen kopuru handitik ere.

Guggenheim Museoen integrazioa eta lankidetza

Solomon R. Guggenheim Foundation-en helburuetan, kulturan eta identitatean erakundearen integrazioa bultzatu eta indartzen dugu

Zenbait faktoreen ondorioz, helburu hori bereziki zorrotza da; erakundearentzat eta fundazioarentzat Sarean lan egiteak mesedea baitakar, harreman aldeaniztunaren eraginez sortzen den sinergiari esker lortzen den onura.

Gizartearekiko konpromisoa

Euskal Herriaren bizitasunaren ikur izaten eta artearen bidez jokabide etikoak bultzatzen saiatzen gara

Kulturaren eta ekonomiaren arteko harremanaz hitz egitean, Museoari dagokionez, interes espezifikoenetako bat honetan datza: kultur jarduera hau ekonomiaren susperraldiaren, hiriaren berrikuntzaren eta bizitasun sozialaren garrantzizko eragile izan dela soberan ziurtatu izana. Kultur ekimena den aldetik Museoa garapen globala lortzeko planen barruan sartzen bada ere, bere funtsezko zereginetako bat bizi garen gizartean kultura hedarazteko tresna gisa jardutea da, artean oinarrituta gizartea tolerantzian, irekitasunean eta errespetuan hezi dadin.

Pertsonenganako konfiantza

Pertsonen zintzotasunean, konfiantzan, osotasunean eta erantzukizunean oinarritzen den partaidetzazko lana bultzatzen dugu, gizabanakoaren askatasuna eta harekiko errespetua bultzatuz

Talde-lana, parte hartzeko kultura eta autoexijentzia lan-taldeetan sendo sustraitu diren baloreak dira. Izan ere, talde horien esperientzia profesionalak Zereginari erantzuten dioten eta gure jarduera guztietan nagusi izan behar duten balioak bultzatzen dituzten proposamenetan eta ekimenetan du bere isla. Pertsona horiek adorea eta motibazioa eskaintzen diote erakundeari, hark dituen konpromisoak betetzeko.

Familiarekiko arduratsu den eta pertsonen aniztasuna aintzat hartuta berdintasuna sustatzen duen enpresa

Guggenheim Bilbao Museoa pertsonekiko begirune etiko eta soziala izaten ahalegintzen da, aniztasuna aintzat hartuta pertsonen arteko aukera-berdintasuna gordez eta lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko bateragarritasuna erraztuz; generoa ere kontuan hartzen du.

Horrexegatik bermatzen du Pertsonen Kudeaketa Globalaren jardunak berdintasuna, pertsonen egoera edozein dela; gainera, Gizarte Erantzukizuna enpresaren estrategiaren barruan dago. Hala, helburu du lanbidean kalitatea eta egonkortasuna eskaintzea, lanerako giroa atsegina eta suspergarria izatea, eta langilearengan eta enpresan bata bestearekiko erantzukizuna bultzatzea; horretarako lan egiteko modu malgu eta berritzaileen alde egiten du, bisitari/bezeroen beharrei eta langileen garapen eta promozio beharrei erantzuteko.