Bienvenida-destacado
Ongi etorri

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren webgune korporatibora. Honetan erakundearen inguruko informazio guztia dago. Hedabide berrien alde argi egin duenez, Museoak erabaki du webgune honetan argitaratzea ekimenen filosofiari, helburu estrategikoei eta gizarte-ekintzei dagokien guztia.


//Historia
Historia

1991

1991ko otsailean, Euskal Administrazioaren arduradunek lehenengo harremanak izan zituzten Solomon R. Guggenheim Foundation-ekoekin, ondoko proposamena egiteko: Bilbo eta Euskal Herria oro har berpizteko planean esku har zezatela.

Solomon R. Guggenheim Foundation-en Patronatuak interes handiarekin hartu zuen proposamena, onartu bermunri zuen epe luzerako egitasmoarekin bat egiten baitzuen. Egitasmo horren arabera, hain zuzen ere, Fundazioak epe luzerako garapen-egitasmoa bultzatu nahi zuen, garapen horren oinarria izanik mundu osoan hainbat egoitza izango zituen egitura sortzea, kultur erakunde desberdinek osatutako multzo bateratu bat eraikitzeko.

Urte bereko abenduan, hainbat hilabete negoziazioetan jardun ondoren, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim Foundation-ek Guggenheim Bilbao Museoarentzako Garapen eta Programazio Zerbitzuetarako Akordioa sinatu zuten Bizkaiko Aldundiaren jauregian.

1992–93

Orube egokia aurkitu eta eraikin bereizgarri bat egingo zuen arkitektoa hautatu ostean, 1992ko uztailean Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim Bilbao Proiektuaren Partzuergoa eratu zuten. Horrek xede zuen Museoaren planifikazio eta eraikuntza prozesuak gainbegiratzea eta Zuzendari kudeatzaile izendatu zuten Juan Ignacio Vidarte.

1993ko otsailan aurkeztu zuen Frank O. Gehryk Museoaren proiektuaren lehen maketa, eta urte horretako urriaren 22an jarri zuten eraikinaren lehen harria.

1994

Urrian Guggenheim Bilbao Museoaren egitura altxatzen hasi ziren; eta urtea amaitu aurretik, Solomon R. Guggenheim Foundation-en eta Euskal Administrazioen arteko Kudeaketa Akordioa sinatu zuten. Horretan ezarri ziren Guggenheim Bilbao Museoak, Solomon R. Guggenheim Foundation-ek eta Euskal Administrazioek izango zuten lankidetzaren baldintzak.

1996

Azaroan Solomon R. Guggenheim Foundation-ek Guggenheim Bilbao Museoarentzako 1997–2000 lau urteko Kudeaketa Plan Estrategikoaren proposamena aurkeztu zien Euskal Administrazioei; orduan hasi zen proposamena aztertzeko eta eztabaidatzeko epea, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Batzorde Betearazleak Plan Operatiboa onetsi zuenean burutu zelarik. Plan Operatibo horrek Museoaren jardunbiderako gida-lerroak zehaztu zituen lehen lau urteetarako.

1997

Eraikina eta bere hornidura teknikoa amaitu ondoren, urriaren 3an inaugurazio-ekitaldien hamabostaldia hasi zen, urriaren 19an Museoa publikoarentzat ireki zenean amaitu zena. Urtebete igaro baino lehen jada 1.300.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Museo hau.

Artea

Museoan aurkeztutako lehenengo erakusketa Guggenheim Museoak eta mende honetako artea izan zen. Ikusmin handia sorrarazi zuen, munduko arte moderno eta garaikideko bilduma gailenetako bat lehen aldiz aurkeztuz zabaldu baitzen Museoa.

Ekimenak

Liburutegia eta funts bibliografiko espezializatu osatu berria zabaldu zen bertako langileentzat eta kanpoko ikerlarientzat. Denda-Liburudenda ere ireki zen besteak beste bertako argitalpenak eskaintzeko, bikaintasun eta kalitatearen irudia zabaltzeko oso diseinu zainduekin.

Proiektuan parte hartzeko gizarteak —enpresek, erakundeek eta partikularrek— egindako eskariari erantzuteko, abian jarri ziren Kide Korporatiboen eta Banakako Kideen Programak, gerora Museoaren jarduna garatzeko berebiziko garrantzia izan dutenak.

KPMG aholkularitza enpresari azterlan bat egiteko eskatu zitzaion Museoaren jardunak ingurunean duen eragin ekonomikoa ezagutzeko; ondorioek ziurtatu ahal izan zutenez, aise gainditu ziren bisitariei, jarduera ekonomikoari eta sortutako baliabideei buruzko aurreikuspenak.

Eta gainera…

  • 1997. urteko Diseinu Onenaren saria, Time aldizkariak emana.

  • Cambio 16 saria arte sailean

  • 1997ko El Correo saria, “Euskadiren Sustapena”

1998

Artea

Txina: 5.000 urte erakusketak herrialde horretako artean bost milurtekotan izandako berrikuntzak eta aldaketak aztertu zituen, Neolitikoko jade preziatuetatik egunera arte. Museoak bertako gune batzuk eraldatu zituen Arata Isozaki arkitektoaren proposamenei jarraiki.

Ekimenak

Lehenengo Hezkuntza Programak abian jarri ziren ikasleek, hezitzaileek, Museoaren Lagunek eta publiko orokorrak ikusgai jartzen diren artelanak hobeto ulertzeko. Familientzako Programak ere antolatu ziren gurasoek eta seme-alabek bisitaldiez elkarrekin goza zezaten sustatzeko. Eta publiko guztiari eskaini zitzaizkion Artean bono berriaren abantailak, Guggenheim Bilbao Museoan eta Bilboko Arte Ederren Museoan txartel bakar batekin sartu ahal izateko.

Lehenengo urteurrena ospatzeko, Ateak Zabalik jardunaldira gonbidatu genituen Museoaren Lagunak, bisitaldi gidatuetan azalpenak emanez, sail desberdinetan egiten den lana ezagutzera emateko.

Eta gainera…

  • VIII. Wintherthur-Economics saria Enpresa Mezenasgoari, 1998

  • Protagonistas saria arte sailean, 1998

1999

Artea

Urte horretan, Robert Rauschenberg: atzera begirakoa izan zen erakusketa nabarmenena, XX. mendearen bigarren erdiko artista emankor eta berritzaileenetako horrek izan zuen ibilbideari eskainia. Ikerketa artistikoan erakutsi duen grinagatik eta nortasun asaldariagatik erakarri ditu kritikariak eta publikoa.

Ekimenak

Publiko orokorrarentzako bisitaldi gidatuez gain, zeinu-hizkuntzaz gidatutako bisitaldiak antolatzen hasi zen Museoa entzumen urritasunak zituztenentzat, artea albait pertsona gehiagorengana hurbildu nahian.

Gainera, programak eta jarduerak antolatu zituen UNICEFekin elkarlanean, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren X. Urteurrena zela eta. Museoaren webgunea martxan jarri genuen gure jarduerak eta Programazio artistikoa ezagutzera emateko.

Eta gainera…

  • Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina, 1998ko abenduaren 4an eskainia eta 1999ko ekainaren 22an Santiago Konpostelakoan emana

  • IV. “Puente de Alcántara” nazioarteko saria, 1999

2000

Artea

Motozikletaren artea erakusketak iraultza ekarri zuen museoen munduan, motoa XX. mendearen metafora gisa aurkeztean. Mende hasieran asmatutako objektu industrial horren inguruan hainbat gai aztertu zituen erakusketak: teknologia, diseinua, abiadura, asaldura, desioa, askatasuna, sexua, heriotza… Modernotasunaren esentzia sentitu ahal izan genuen Frank Gehryk diseinatutako aurkezpen horretan.

Ekimenak

Museoaren Lagunei eskainitako Boluntarioen Programa hasi genuen; hala, Banakako Kideek kultura eta artea hedarazten laguntzeko erakundearekin duten lankidetza eskuzabala egituratu zuen.

1997–2000 Plan Operatiboari amaiera eman zitzaion, bertan ezarritako helburuak aise gainditu zirela kontuan hartuta.

Eta gainera…

  • European Museum of the Year saria, 2000, Europako Kontseiluaren mende dagoen European Museum Forum erakundeak emandakoa.

  • Komunikazio saria, Euskadi Irratiak emana, Museoak Euskal Herriaren irudi positiboa hedatzen eta zabaltzen egindako lanagatik.

2001

Artea

Modak museoa konkistatu zuen Giorgio Armani erakusketarekin. Atzera begirako honek jostun italiarraren sortze-lan berritzaileak jarri zituen ikusgai, Robert Wilson artista bisualaren eszenografia ikusgarri batean. Izan ere, joan den mendean gizartean sortu ziren aldaketekin bat zetozen diseinuengatik nabarmendu da Armani.

Ekimenak

Museoaren Bilduma handitzen jarraitu genuen eta artelanen biltegiak birmoldatu eta hobetu egin genituen premia berrietara egokitzearren. Artelan handiak mugitzeko teknikak eta sistemak gehitu genituen, Museoaren hornikuntzarako hobekuntza nabarmena izan zena.

2001–2004 Plan Estrategiko berria landu eta abian jarri genuen helburu eta xede handiekin.

Eta gainera…

  • “Prix d’Excellence” saria, FIACBIk (Oslo) 2001eko maiatzean emana; hiria berregituratzeko plan integralaren funtsezko eragile gisa Museoak zuen zeregina nabarmendu zuen, baita nazioartean entzute handiko monumentu arkitektonikoa izateagatik gailendu ere.

2002

Artea

Paris: arteen hiriburua, 1900–1968 erakusketak bestelako ikuspegi batez aztertu zuen abangoardia historikoen artea. XX. mendearen lehenengo erdian Paris itxuratu zuten mugimendu artistikoak, gertaera historikoak eta artistak bildu zituen erakusketa honek.

Ekimenak

Pertsona nagusiak garrantzi handiko taldea dira Museora datozen bisitarien artean. Hori kontuan hartuta, hitzarmen bat sinatu genuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin, adineko jendearentzako kultur jardueren babesean laguntzeko; ondorioz, parte-hartze mailak nabarmen egin zuen gora.

Gure Bosgarren Urteurrena bete genuen eta ospatzeko jarduera ugari —musika, dantza eta zinema— zituen programazio berezia antolatu genuen. Amaitzeko, gure esker ona erakutsi nahi izan genuen gizartearengandik jasotako babesagatik, hiritarrak asteburu batean Museoan doan sartzera gonbidatuz.

Eta gainera…

  • Mundu Modernoaren Miraria saria, Condé Nast argitaletxearen Traveller aldizkariak 2002ko apirilaren 17an emana

  • Grandi Musei d’Europa saria, 2002, Touring Club Italiano elkarteak emana

2003

Artea

Calder. Grabitatea eta grazia erakusketak Alexander Calder artista amerikarraren nortasun jostaria aditzera eman zigun. Jolasteko atseginak, airean jaurtitako marrazkiek eta konposizio bakun eta arinek “tolesgabeak” diruditen arren ez dira, ez, bat-batekoak; izan ere, haren lanen halako ezaugarri berezia nabarmendu ahal izan zen Museoaren espazioetan.

Ekimenak

5.000 gaztek baino gehiagok parte hartu zuen Motion Graphics programan: ikus-entzunezko jardun berritzaileenetako batzuk ezagutzera emateko jarduerak eta tailerrak, Bilduma Iraunkorraren Irudiak mugimenduan aurkezpena zela eta antolatu zirenak.

Eta gainera…

  • UNE 170001-2 ziurtagiria irisgarritasun sistema globalari eta DALCO baldintzak betetzen dituen Europako lehenengo enpresari.

2004

Artea

Tamaina handiko 150 lan baino gehiago bildu zituen James Rosenquist: atzera begirakoa erakusketak, AEBko Pop artea jorratu zuen artista gailenetako bati egindako omenaldi handiak, alegia. Kontsumo kulturan, publizitatean eta herri ikonografian arreta jarriz, Rosenquistek estilo berezia garatu, eta bere garaiaz eta testuinguruaz kezkatzen dela erakutsi du.

Ekimenak

Artearen historia modernoan artista bati inoiz egin izan zaion eskari handiena egin genuen: Richard Serra artista iparramerikarraren formatu handiko zazpi eskultura berri Museoaren Bildumarako eskuratu genituen.

2001–2004 Plan Estrategikoan ezarritako helburuak lortu genituen, eta lan-taldeak eratu genituen hurrengo lau urteetarako xedeak eta kudeaketa metodo berriak finkatzeko.

Museoak online denda zabaldu zuen webgunean, erakusleiho handi bat balitz bezala, Museoak salgai dituen produktuak sarean ikusgai jartzeko.

Eta gainera…

  • ISO 14001 ziurtagiria ingurumen kudeaketari, 2004ko uztailaren 23an Guggenheim Bilbao Museoan emana.

  • Euskalit-en zilarrezko “Q” saria eta kudeaketaren kalitateagatik saritutako Europako lehenengo museoa, enpresa arloko EFQM bikaintasun ereduaren arabera.

2005

Artea

Denboraren materia instalazioa inauguratu zen, Richard Serraren lengoaia bisualaren gailurra adierazten duena. Lan horretan artistak 25 urtez ikertzen aritu den abstrakzioaren, mugimenduaren eta kurbaduraren ahalmena garatu du. Museoaren Bildumara gehitzeko berariaz sortutako lan honekin, Museoa nazioarteko erreferentzia bihurtu da Serraren ibilbidea ezagutu nahi dutenentzat; gure garaiko eskultore garrantzitsuenetakoa da.

Ekimenak

Familientzako jarduerak sendotzearren, Asteburuak familiartean programa berria abian jarri genuen. Programa horrek gazteenei eskaintzen dizkie jarduerak: jolasak, bisita-tailerrak, zinema eta abar.

Gainera, senide helduagoek abantaila gehiago dituzte, Museora elkartzeko kategoria berria baitute eskura, “Oinarrizko Lagun” txartela, alegia.

Lankidetza emankor bati ekin genion Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS), arte eta musika zaleen onurarako.

Bestalde, publizitate kanpaina handienetako bat kaleratu genuen inoiz errepikatuko ez den erakusketa hedarazteko: Azteken Inperioa.

Eta gainera…

  • Merezimendu Turistikoaren Plaka, 2005, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak proposatua. Sari hau 2005eko urriaren 5ean jaso genuen Madrilgo Kongresu Jauregian, Juan Carlos I.a Erregearen eskutik.

2006

Artea

Errusia! erakusketak arte modernoaren denbora-mugak eta mendebaldeko geografiarenak gainditu zituen. XIII. mendeko ikonoetatik hasi eta egunera arte sortu 300 bat lanek errusiar artearen bederatzi mende erakutsi zizkiguten, hain zuzen, espiritualtasuna, iraultza sozialak eta politikoak, pintura errealistaren tradizioak, abstrakzioaren aurkikuntza eta modernotasunaren esperimentazioa islatzen dituzten lanak.

Ekimenak

Bi abantaila berri eskaintzen hasi ginen: Egin Lagun Orain, Museoaren Lagun egiteko erraztasunak ematen dituena, eta Museoaren Lagunen Urtekaria, erakundearen jardunean izandako gertaera adierazgarrienak biltzen dituena.

Berritu egin genuen lankidetza-hitzarmena Arriaga Antzokiarekin, Lagunei abantaila eta deskontu gehiago eskaintzearren.

Museoa James Rosenquistekin elkarlanean aritu zen bildumagintza Lagunen artean bultzatzeko. Aurretik Manolo Valdés, Jesús Mª Lazkano eta Miquel Navarrorekin izan ziren lankide.

Partekatutako erantzukizuna eta sentsibilitatea artearen interpretazioan eta hezkuntzan ikastaroa antolatu genuen Euskal Herriko Unibertsitatearen Arte Ederretako Fakultatearekin batera. Artista eta profesional ugarik parte hartu zuten bertan.

Eta gainera…

  • Espainiako Enpresen Babes eta Mezenasgoaren sariak erantzukizun sozial korporatiboaren esparruan, XVI. edizioa

  • Finalistak: Arcelor, Museoak eta Kultur Erakundeak–Kultura Sailean, Guggenheim Bilbao Museoan egindako lanagatik, eta Guggenheim Bilbao Museoko Boluntarioak Pablo Durán Thornberg sailean.

2007

Artea

Museoaren Hamargarren Urteurrena ospatzeko Programazio artistiko berezia antolatu genuen.

Nabarmentzekoak izan ziren udaberrian eta udan ikusgai izan zen Anselm Kiefer erakusketa antologikoa eta Art in the USA: 300 urteko berrikuntza, AEBko historiaren gakoak biltdu ituzten 200 obra erakusgai jarri zituena; azken hori Iparramerikako arteari buruz Europan inoiz egin zen erakusketa garrantzitsuena izan zen.

Ekimenak

Hamargarren Urteurrena izan zen Museoaren urte horretako jardunaren ardatz nagusia. Beste hainbat proiekturen artean Hirieszena programa antolatu genuen, inguruko kultur erakundeekin lankidetzan egina eta talde desberdinei zuzendua. Hala, Hamargarren Urteurrena ospatzeko ekitaldietan musika, dantza, zinema eta antzerkia uztartu genituen.

Eta gainera…

  • Urteurrena zela eta egindako beste ekimen batzuek oso ekintza bereziak barne hartu dituzte, esaterako, Museoaren azpiegiturak hobetzeko lanak, Salbe zubirako artelan bat sortzeko eskaria Daniel Buren artistari, musika-konposizio bat egiteko eskaria (Hamar), Lagunentzat pentsatutako ekitaldi artistikoak, webgune berria, argitalpenak, edo Museoaren historiari buruzko bideo bat, bertako protagonistek kontatua. Hitz bitan, Museoa arrakastatsua izatea ahalbidetu zuten guztiekin partekatu genuen ospakizunez betetako urte hori.

  • Museoak Euskaldun Unibertsal Saria jaso zuen, 2007, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak eta Euskadiko Kutxak emana.

2008

Artea

Surrealismoaren gauzak erakusketak, Parisko abangoardiaren artista jostalarienen eskutik, artearen, antzerkiaren, moda-jantzien, diseinuaren, arkitekturaren eta publizitatearen ametsetako munduetan murgildu zuen ikuslea. Bestalde, Juan Muñoz: atzera begirakoa ordura arte artista horren eskulturei eskainitako erakusketa garrantzitsuena izan zen.

Ekimenak

Guggenheim Bilbao Bilduma handitu zen, hala kualitatiboki nola kuantitatiboki, Cy Twomblyren Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine Discourses on Commodus) margolan sail garrantzitsuaren eskuraketari esker. Horretan AEBko eta Europako artearen arteko harremanean sakontzen du artistak, hain zuzen, Bildumaren ardatz nagusietako batean. Horrez gain, Jorge Oteizaren beste eskultura bat eta hamabi artista gazteren hamabi artelan eskuratu ziren. Hala, Euskal Herriko eta Espainiako arteak Museoaren funtsen artean zuen presentzia sendotu zen.

Eta gainera…

  • Cy Twombly erakusketaren inguruan honakoa esan zuen El Cultural aldizkariak: “Aurten Espainian antolatu diren erakusketa erakargarrienetakoa da”.

2009

Artea

Norabidea ezustean aldatuz, Museoak Asiako arterantz egin zuen elkarrekin zerikusirik ez zuten bi erakusketekin: ©Murakamiren eztanda koloretsua —azken hamarkadetako Japoniako artista gailenetakoari eskaini zitzaion atzera begirako zabalena— eta Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut, artista txinatarraren (ezagun da, batez ere, bolbora-marrazkiak eta leherketa-proiektuak egiteagatik) ikusizko lengoaian eta kontzeptuen konplexutasunean zehar eraman gintuena.

Ekimenak

Colección del Museo Guggenheim Bilbao liburua argitaratu genuen, Museoaren arte-ondarea jasotzen duen lehen alea. Bilduman hirurogei artista baino gehiagoren ehundik gora lan dago eta, lehen aldiz, horien azterketa sakona eskaini zuten nazioarteko aditu ugarik; gainera, garaian garaiko testuinguru historikoan eta artistikoan kokatu eta interpretatu zituzten.

Eta gainera…

  • Museoa aukeratu zuten urte horretako Asian Art Council-en egoitza izateko: bilkura horretan arte arduradunak, artistak eta arte asiar moderno eta garaikideko nazioarteko adituak egon ziren.

  • 2009–2012 Plan Estrategikoa abian jarri zen. Horretan lau urte horietarako politika eta jardun nagusiak ezarri ziren, baita 2020. urtea muga duten ekimen estrategikoak ere.

2010

Artea

Anish Kapoorrek, nazioarteko eskultore gailenetakoak, Museoan aurkeztu zituen bere eskultura eta instalazio esanguratsuak, minimalismoaren ondorengo artearen lengoaia hedatu dutenak. Bisitariak pigmentuz egindako lanak, hutsaren inguruko estudioak, leundutako altzairu herdoilgaitzezko lanak eta zementuzko forma entropikoak ikusi ahal izan zituen eskala handiko instalazio batean. Urtearen amaieran, eta XVII. mendera arte atzera egin ostean, Städel Museum-en Urrezko Aroko pintura holandarra eta flandestarra izan zen Museoko aretoetan; horien artean izan ziren Jan Vermeer eta haren Geografoa.

Ekimenak

Lan berriak gehitu ziren Guggenheim Bilbao Bildumara: Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs. Lenin and the Nightingale, 2008), Georg Baselitzen hamasei pinturen saila, kritikariek Europako pinturaren testuinguruan maisulantzat hartzen dutena, eta Jacques Lipchitzen Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa (Working Model for Government of the People, 1967) The Jacques & Yulla Lipchitz Foundation-en dohaintza eskuzabalari esker.

Zero Espazioa inauguratu zen, bisitariak orientatzeko gela berria eta Museoaren eta bisitariaren arteko topagune dinamiko eta elkarreragilea. Proiektu estrategiko hori berritzailea izan da oso, eta baliabide interaktiboak eta tresna ugari ditu bisitaldia esperientzia bikaina izan dadin.

Eta gainera…

  • Vanity Fair aldizkari estatubatuarrak 52 aditu (horien artean arkitekturako Pritzker sariaren 11 irabazle) elkarrizketatu zituen, eta Frank Gehryk diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoa azken 30 urteotako eraikin onena dela ebatzi zuten.

2011

Artea

Guggenheim Bilbao Bildumara artelan garrantzitsuak gehitu ziren. Museoak hauek eskuratu zituen: Gure etxea (Home, 1999), Mona Hatoum-ena; Titulurik gabea (2008), Doris Salcedorena, eta Irribarreak (Smiles, 1994), Alex Katz-ena; azken hori emakumezko erretratu sail bat da, hamaika mihisek osatutakoa. Gainera, lan hauek jaso zituen dohaintzan: Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan (How are you going to behave? A kitchen cat speaks, 2009), Liam Gillick-ena, eta José Manuel Ballesterren Ezkutatuko txokoak (Espacios ocultos) saileko hiru argazki, Maiatzaren 3a (3 de mayo, 2008), Errege-erreginaren jauregia (Palacio Real, 2009) eta La Medusen almadia (La balsa de la Medusa, 2010).

Ekimenak

Museoak bere web orrialde korporatiboa argitara atera zuen; bertan informazio instituzionala jasotzen da, hala nola, indarrean dagoen Plan Estrategikoa eta erantzukizun sozial korporatiboa, besteak beste. Era berean, 2009–2010 aldiko jardueren memoria aurkeztu zuen, besteren artean hauei buruzko datuak biltzen dituena: programazio artistikoa eta hezkuntza-jarduerak, Guggenheim Bilbao Bildumaren bilakaera, autofinantzaketa maila, bisitari kopurua, Museoaren Lagunak eta Kide Korporatiboak eta Museoaren jardunak EAEko ekonomian duen eragina.

Eta gainera

  • Museoak bere eskaintza gastronomikoa berritu zuen; orain bi proposamen ditu: Bistró Guggenheim Bilbao eta Nerua Jatetxea, azken hau Michelin izar batekin saritu zuten; biak Josean Martínez Alija sukaldari buruak zuzentzen ditu.

    Kaosa eta klasizismoa eta Brancusi-Serra 2011ko hamar erakusketa garrantzitsuenen artean sailkatu zituen El Cultural gehigarriak.

2012

Artea

Museoaren arte programazioan arte garaikidearen irudi gailenak izan ziren, tartean, David Hockney —haren erakusketa urteko onenetako bat izan zen kritikarien iritziz—, Claes Oldenburg eta Egon Schiele. Horrez gain, Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak aurkezpena dela eta, lehenbiziko aldiz erakutsi zen Bildumarako azken eskuraketa: AEBko Alex Katzen Irribarreak (Smiles) saila, hamaika mihisez osatutakoa.

Ekimenak

Museoaren 15. Urteurrena dela eta, ohiko jarduera-egitaraua osatzeko hainbat ekimen aurrera eraman zituen Museoak. Askotariko diziplinak barne hartu zituzten, hala nola, artea, musika, dantza, argazkilaritza, arkitektura, gastronomia, moda, ikus-entzunezkoak eta sare sozialak. Guztira 50 ekimen baino gehiago izan ziren, eta 85.000 pertsona inguru esku hartu zuen. Horrela partekatu zuen Museoak haren urteurrena herritarrekin.

Eta gainera

  • Urteurreran ospakizunen barruan, Museoko webgune orokorra, guggenheim-bilbao.eus, berritu zen. Edonolako tresna eta euskarrietara egokitzeko prestatu zen, eta, gainera, zenbait funtzionaltasun gehitu zitzaizkien eta erabilerrazago izan dadin taxutu zen diseinua. Buber saria jaso zuen webguneak 2012an.

2013

Artea

Museoak Guggenheim Bilbao Bilduma handitu zuen, Darío Urzayren dohaintza bati eta Iñaki Garmendia, Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberria artistei Museorako bereziki aginduz eskatutako lan banari esker.

Ekimenak

Gizarte-ekintzaren aldeko eta herritarren aldeko keinu batean, mundu osoko egoera ekonomiko zaila aintzat hartua, Erdu ekimena abian jarri zen, langabezian dauden pertsonak txartel horri esker Museora doan sar daitezen.

Eta…

  • Museoak hezkuntza-jarduera berriak martxan ipini zituen, hala nola, Art Corner, Baby Art, Books Alive! eta haurrentzako arkitekturaren hastapenen inguruko ikastaroa.