Bienvenida-destacado
Ongi etorri

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren webgune korporatibora. Honetan erakundearen inguruko informazio guztia dago. Hedabide berrien alde argi egin duenez, Museoak erabaki du webgune honetan argitaratzea ekimenen filosofiari, helburu estrategikoei eta gizarte-ekintzei dagokien guztia.


//Aurkezpena

Guggenheim Bilbao Museoaren sorrera Euskal Administrazioen eta Solomon R. Guggenheim Foundation-en arteko ezohiko lankidetzaren emaitza izan zen. Egun, 1997ko urrian inauguratu zenetik hamar urte baino gehiago igaro direla, Museoa errealitate bat da, artearen eta kulturaren alorretan egin ziren aurreikuspen handinahienak ere gainditu dituena; horrez gain, denbora tarte horretan, nabarmen lagundu du Bilbo hiriko eta horren ingurune hurbileko hirigintza, ekonomia eta gizartea eraldatzen.

Nazioarteko museo sare baten kide izateak Bilduma Iraunkor zabal bat eskura edukitzea dakar, barne direla Guggenheim Museoen funtsak, baita Guggenheim Bilbao Bildumaren artelanak ere. Funts horiek guztiak elkarren osagarri dira eta osotasunean hartuz gero, arte moderno eta garaikidearen ikuspegi oso eta sakona eskaintzen dute.

Museoaren Programazio artistikoan barne hartzen dira bai Bilduma Iraunkorraren aurkezpenak bai kalitate handiko aldi baterako erakusketak, ikusleari gure garaiko artearen ikuspegi zabal eta dinamikoa eskaintzeko konbinatzen dituenak.

Museoaren eraikina, gaur egun Bilboko ikur ezagunenetakoa dena, titaniozko, harrizko eta kristalezko eskultura handi bat da eta Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak diseinatu zuen. Bertako areto batzuk itxura harrigarriak dituzte, besteek, aldiz, taxutze erregularra; guztiak, baina, antolatzen dira goialdean metalezko lore formako sabaileiho zenitala duen Atrio ikusgarri baten inguruan.

Erakusgai jartzen den artearen eta espazioen berezitasunaren eta aldakortasunaren arteko elkarrizketa konplexu eta aberasgarriak bide ematen du Guggenheim Bilbao Museoko esperientzia bakarra eta paregabea izateko.