Bienvenida-destacado
Ongi etorri

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren webgune korporatibora. Honetan erakundearen inguruko informazio guztia dago. Hedabide berrien alde argi egin duenez, Museoak erabaki du webgune honetan argitaratzea ekimenen filosofiari, helburu estrategikoei eta gizarte-ekintzei dagokien guztia.


//Berrikuntza
innovacion

Berritzea gauzak egiteko modu berri bat sortzea eta erabiltzea da, gauzak ikuspegi berrietatik asmatzea horiek errazagoak, azkarragoak, hobeak edo desberdinak izan daitezen.

Guggenheim Bilbao Museoak helburu estrategikoen artean du berrikuntzarekiko konpromisoa mantentzea eta horri jarraiki, geure herrialdera talentua eta aberastasuna dakarten proiektuen buru edo lagun izan ohi da. Hala, aliantzak sortzea proposatu du helburu hori betetzeko ekimen estrategikoak garatzeko asmoz.

Museoan ez dugu berrikuntza jorratzen berritzeagatik soilik, baizik askotariko helburuak lortzeko bitarteko gisa. Helburuok honako gaiak aipa ditzakete: geure produktuak (erakusketak, bildumak, hezkuntza-programak etab.), hartzaile-taldeak (publiko orokorra, Banakako Kideak, Kide Korporatiboak, Erakundeak etab.) eta lan-prozesuak.

Berritzeak ez dakar bakarrik teknologian inbertsio garrantzitsuak egitea, baizik gero eta anitzagoa eta zorrotzagoa den publiko bati artea gerturatzeko moduak berriz pentsatzea, publiko hori hezteko arlo desberdinetako ikuspegiak aurkitzea, edo geure kudeaketan partaidetza pribatua eta publikoa maila desberdinetan nahasten dituen eredu bat ezartzea.

Guretzat lanak, proiektuak eta baliabideak partekatzen dituen nazioarteko Sare batean oinarritzen den museo eredua da berritzailea. Berrikuntza ezarri dugu arte ardura arloak geure Bildumaren inguruan egiten duen ikerlanean, baita Artapen arloan eta Hezkuntza arloaren egitarauetan ere, eskari, eduki eta tresna berriei egokitzeko berritzen eta taxutzen baititugu. Era berean, gure gizarte eginkizunaren baitan daude berrikuntzaren baloreak, hala nola, aukeren eta generoen berdintasunean, heziketan edo aniztasunean eta, horrela, gizartearen eraldaketari laguntzen diogu.

Berrikuntzari esker, Museoa eguneratu egiten da, aldakorra den testuingurura egokitzen da, berriz definitzen du bere eginkizuna eta bere burua berriz itxuratzen du egoera eta eskakizun berriei aurre egin ahal izateko.

Konpromiso horretan sinesmen irmoa dugu eta, ondorioz, Museoak arlo horietan buru izateko sortzen diren ekimen sozialetan parte hartzen du (Innobasque).

Ikerketa

Arte modernoa eta garaikidea ikertzea museo gisa dugun Zereginaren funtsezko atala da. Arte ardura eta Artapen arloetan egiten diren ikerlanek gai dituzte Guggenheim Bilbao Bilduma, Guggenheim Museoen bildumak, gordailuan dauden artelanak eta aldi baterako erakusketak osatzen dituzten lanak.

Artapen arloaren ikerlana

Museoko Artapen arloak artelanen teknikak eta materialak ikertzen ditu, baita horiek zergatik eta nola honda daitezkeen ere; horrez gain, artelanen egoera onena bermatzen duten beharrezko kontserbazio-neurriak ezartzen ditu.

Ikerlariek, era berean, ahalegin handia egiten dute prebentzioko kontserbazioa lantzen, hau da, artelanak biltegiratzeko, eskuztatzeko eta erakusteko egoerak aztertzen, egokitzen eta optimizatzen dituzte.

Guggenheim Bilbao Museoaren Artapen arloaren ildo nagusiak dira honakoak:

  • Guggenheim Bilbao Bildumaren artelanak ikertzea

  • Prebentzioko kontserbazioaren alorrean protokolo eta prozedura berriak zehaztea eta ezartzea

  • Ikerketa proiektuak garatzea beste museo eta erakundeekin lankidetzan

  • Kultura ondareen artapenaren arloko beste erakundeekin lankidetza eta eztabaida profesionaletan parte hartzea

Arte ardura arloaren ikerlana

Guggenheim Bilbao Bilduma, Guggenheim Museoen bildumak, gordailuan dauden artelanak eta aldi baterako erakusketak osatzen dituzten lanak arte arduradunen ikuspuntutik ikertzea funtsezko lana da guretzat.

Guggenheim Bilbao Museoaren ikerketa kuratorialaren ildo nagusiak dira honakoak:

  • Guggenheim Museoen Bilduma Iraunkorra

  • Guggenheim Bilbao Bildumako hainbat artelan, batez ere, duten esanahi artistikoarengatik Artearen historian ikur bihurtu direnak

  • Guggenheim Bilbao Bilduman artelan multzo garrantzitsua duten artistak

  • Kokapen zehatzeko lanak eta proiektuak, Guggenheim Bilbao Museorako bereziki sortu direnak

  • Bigarren Mundu Gerra osteko artea eta AEBko eta Europako arte-giroen arteko elkarrizketa

  • Euskal Herriko eta Espainiako artea

  • Museoaren eraikina bera, XX. mendeko arkitekturaren lan enblematiko dena

Hezkuntza

Orientazio didaktikoa eta hezkuntza Museoaren Zereginaren eta gure jarduna zuzentzen duten Balioen funtsezko atalak dira.

Hala, sustatzen eta garatzen ditugun hezkuntza-proiektuek ezagutza zabaltzen dute, artea publiko orokorrari gerturatzen diete, eta arte modernoa eta garaikidea ulertzea eta interpretatzea errazten dute.

2.0 Hezkuntza

Hezkuntza arloko berrikuntzak Zero Espazioa diseinatzea eta horren kontzeptua sortzea ekarri du. Gela berritzaile hori bisitariaren eta Museoaren arteko topaleku gisa taxutu da. Izan ere, bertan multimedia tresnak eta askotariko baliabide eta edukiak daude eskura bisitariek Museoa hobeto ezagut dezaten, haien ibilbidea pertsonalizatu ahal izan dezaten eta haien esperientzia bakarra eta paregabea izan dadin.

Bestalde, sarean kontzeptu berritzaileak eta komunikatzeko tresna berriak ezartzeak Irakasleen Wikia sortzera eraman gaitu: webgune hori bereziki diseinatu dugu irakasleek arte-irakaskuntzaren inguruko esperientzia praktikoa parteka dezaten eta artearen inguruko gai zehatzagoetan sakon dezaten.

Era berean, hezitzaileek eskura dute bilatzaile berri bat sarean; horri esker hezitzaileentzako gidak aurkituko dituzte, arloaren, erakusketaren, artistaren, teknikaren eta diziplinaren arabera sailkatuta.

Irakasleen Wikia kudeaketa sistema bat da —lau hizkuntzatan erabil daiteke eta Museoaren webgunean kokatzen da— eta erregistratzen diren erabiltzaileek aldatzen dituzte orrialdeak haien esperientziak ezagutzera ematen dituztenean.